Atzo goizean aurkeztu zuten, Eibarko
Portalea Kultur Etxean, GASTE gazte elkarte berria, Giro Alaia
Suspertzeko Talde Eibartarra. Koadrilen arteko mugimendua eta jaietan
herritarren partehartzea indartzeko
helburuarekin jaio den taldea da eta herriko jaietako giroa suspertzeko
hainbat ekintza antolatu dituzte. SanJuanei begira lanean aritu diren
arren, GASTE ez da jai hauetara soilik mugatzen eta hemendik aurrera
beste jai batzuk hobetzeko asmoarekin lanean jarraituko du.
Estatutuetan zehazten denez, elkartearen helburuak hauek izango dira:
-Gazteen kultur eta aisialdi beharrei erantzutea.
-Partehartzea sustatzea.
-Jaiak bultzatzea.
-Herriko ohitura eta ospakizunak berreskuratzea.
Zehaztu nahi izan dute ez dela koadrila
bat, ezta koadrila batzorde bat. "Koadrila mugimendua suspertzen
lanean aritutako hainbat gazte gara, koadrila desberdinetakoak"
azaldu du Josu Mendicute presidenteak. "Gazte elkarte garen heinean
ateak irekita egongo dira, estatutuetan jasotako prozedimendu eta arauekin
bat eginez, helburuekin bat datozen guzti horientzat". Prentsaurrekoan
azpimarratu nahi izan duten ezaugarria izan da hau: ez dela kuadrila
multzoz osatutako taldea, baizik eta pertsonen artean sortutako elkartea.
Elkarteko kide edozein kuadrilako partaideak izan daitezke. "Badaude
koadrila osoa apuntatu direnak, eta baita bakoitzetik pertsona bat soilik
animatu dena" azaldu dute.
Elkartea 70 pertsonaz osatua dago eta estatutu partehartzaileak prestatu dituzte. "Legez Zuzendaritza Batzordeari dagozkion hainbat erabaki, Batzar Orokorrari eman dizkiogu". Zuzendaritza Batzordea honako kideez osatua dago:
Presidentea: Josu Mendicute
Presidente ordea: Andoni Zabala
Idazkaria: Naiara Sarasketa
Diruzaina: Moisés Martín
Hala ere, azaldu dute batzorde honek elkartearen nondik norakoak zuzentzeko lana duen arren, kide guztien inplikazioaz egingo duela aurrera elkarteak. Zentzu horretan, San Juan jaietarako lau lan-talde antolatu dituzte:
-Antolakuntza. Koordinatzaileak: Hasier Iñan eta Aitor Guerrero.
-Errekaudazioa. Koordinatzaileak: Ander Retolaza eta Xabier Markano.
-Materiala.
-Furgoneta.
Koordinatzaileak eta Zuzendaritza Batzordeak
osatzen dute talde koordinatzailea, zeinetan lantalde bakoitzak astean
egindako lanen errepasoa egiten den, jarraian hurrengo asterako plangintza
prestatzeko. Gero, koordinatzaileek talde-bilerak egiten dituzte komisio
bakoitzean lana kide guztien artean banatzeko. Modu honetan kide guztiak
zuzenean inplikatuta daude jaien antolakuntzan.
Errekaudazioari dagokionez, esan beharra
dago 100 dendari eta tabernari baino gehiagok lagundu dutela proiektuaren
lehen hastapenetan. Ander Retolaza, dirubilketa lantaldearen koordinatzaileak
esker-hitzak izan ditu prentsaurrekoan: "laguntza izugarri ona
izaten ari gara, hau gabe ezinezkoa litzaiguke prestatzen dihardugun
guztia prestatzea eta indarrak batuz seguru jai hobeak lortuko ditugula.
Eskerrak eman beharrean gaude" adierazi du.
Furgoneta bat ere izango dute San Juan
jaietan. Dena ondo badoa, Wolkswagen T2 modeloa izango da, hippy eta
surflarien furgoneta famatua, hain zuzen. Furgoneta honek teilatua moztuta
dauka eta atzeko aldean megafonia sistema darama kalejirak egin ahal
izateko. Horrez gain, elkarteko kideentzako edariak eramango dituzte.
Opariak ere egongo dira furgonetan, herritarren artean banatzeko: 8000
pegatina, 500 txapa (pin), 500 paypay (abaniko), ehundaka esku-programa,
ehundaka karamelo, boligrafoak, kamisetak, konfetiak eta jaietarako
hainbat jostailu.
Elkarteko zapia eta edalontzi ekologikoa
eramango dute kideek, eta San Juan egunean Fausto tabernak egindako
kamiseta bereziak jantziko dituzte Urkizuko parkean pintxoak saltzeko.
Kalejirei dagokienez, ibilaldiak aldatzea
erabaki dute. San Juan bezperako koadrilen arteko jolasetarako, adibiez,
Juan Gisasola eta Sostoatarren kaleetatik igoko dira kaleotako etxeetako
bizilagunei ura botatzeko eskatuz. Horretarako, egun batzuk lehenago
bertako etxeetan eskutitzak buzoiratuko dituzte. Berdin egingo dute
Isasi kalean, Zezen Plazatik Untzagara itzultzeko. Gainera, Auzitegi
ondoan H2O enpresak zizterna-kamio bat jarriko du 1500 litro ur botatzeko.
San Juan egunari dagokionez, ekitaldi
nagusia, Urkizuko parkean txahal bat erre eta pintxoak eskainiko dituztela
izango da. Ingurua girotzeko eta herritarrak bertaratzeko, Untzaga plazatik
bertaraino trikitilariek kalejira egingo dute. Txahala erretzea Eusko
Label Fundazioa eta Oberena Harategiaren laguntzaz egingo da, eta antolakuntzan
Agiñaspi tabernak ere hartu du parte. Horrez gain, auzoko tabernari
eta dendari askoren laguntza ere jaso dute.
San Juan txiki egunean, koadrilek Makailauaren
Kofradixiak antolatutako Marmittako Lehiaketan parte hartuko dute jarraian
Bazkari Herrikoia eginteko, azken bi urteotan bezala. Bazkariaren ondoren
ekitaldi berriak egingo dituzte estreinakoz. Karaokea, txiste lehiaketa
eta I. Irrintzi Lehiaketa egingo dira.
Ekitaldien gastuei aurre egiteko ekimenen
artean rifa bat atera dute, zeinetan euro baten truke opari politak
lortu daitezkeen. Lehen saria, Alfa produktu sorta (aspiragailua, josteko
makina eta batidora), eta bigarren saria afaria bi pertsonarentzat Kantabria
Jatetxean.
Hona hemen programa:
Ekainak 23
12.00 Koadrilen aurkezpena eta kalejira Urkizura.
12.30 Txorizoa eta salda Urkizun.
13.00 Ongietorria dultzaineroei. Txupinazoa. Bazkari herrikoia.
17.30 Koadrilen bilkura Untzagan eta kalejira Zezen-Plazara, Juan Gisasola
eta Sostoatarren kaleetatik (etxeetatik ura bota dezaten eskatuko dugu:
astebete lehenago, kartaz, eta egunean bertan oihuka). Zisterna kamioi
batek ere ura botako du.
18.00 Zezen Plazan, koadrilen arteko jokoak eta enbolauak. Jolasetan
parte hartzeko adina: 16 urtetik gora.
21.00 Kalejira Isasitik behera.
05.00 Txokolate jana Untzagan, kalejira eta Konga-Dantza Tas-Tas pubean.
Ekainak 24
11.00 Gauean zehar erretako txahala salduko dugu Urkizuko parkean. 1.300
pintxo. Eusko Label eta Oberena Harategiarekin elkarlanean eta auzoko
tabernari eta dendarien laguntzaz. Untzagatik Urkizura trikitilariak.
Umeentzako tailerrak eta Naturgloboa (Naturgasekin elkarlanean, globo
aerostatikoa).
Ekainak 25
Marmitako lehiaketa eta bazkari herrikoia. Jarraian, txiste eta irrintzi
lehiaketak eta karaokea.
Hala ere, "B plana" ere prestatzen
ari dira, eta Eibar K.E.ak play-off partidua baldin badu, aldaketak
egitea aurreikusten dute, eta zentzu horretan EibarPrimeran plataformarekin
elkarlanean dihardute. "Datorren astean programa berria ezagutzera
ematea espero dugu, Eibarrek irabazi duen seinale izango zen eta. Hala
gertatzen bada, eta espero dugu baietz, ekitaldiak Eibar Primeran plataformarekin
batera egingo ditugu taldea animatzeko eta jaiak gorri-urdinak izan
daitezen" aurreratu dute.
"GASTE gara gazte, ta ez gaude konforme" dio kantuak, eta elkarte honetatik ere dagoeneko hainbat eskari egin dizkiote Udalari: txaranga gehiagoren kontratazioa, Marmittako Lehiaketan Gazte Saria ematea eta fogoi gehiago erostea, besteak beste. Horrez gain, gaztetxoentzat jolasak egitea ere eskatu diote, Zezen Plazako jokoak 16 urtetik gorakoentzat izan daitezen. "Monitoreak kontratatu dituztela esan digute gazteenek ere aukerak izan ditzaten koadrila-jolasak egiteko". GASTEko kideek eibartar guztiak animatzen ditu aurtengo jaietan egingo diren ekitaldietan parte hartzera, denonak diren jaiak, denon artean eta denontzako eginez.